Euskara bizimodua, lehen pausoak

euskareren

por José Ramón Montejo Garai

Haurtzaroari erreparatzeak eskuarki oroitzapen atseginak sortarazten dizkigu. Lehen pausoak tipi-tapa, aita-amen musu eta besarkadak, jostailu zaharrak, lagun minak, eta ahaztezin diren une zoragarriak; lehen zapaldutako tontorra esate baterako. Badago, hala eta guztiz ere, oroimenean ezkutariko instant bereziak, itzala uzten duten horietakoak, betirako barruan eramanak, euskaraz entzundako lehen hitzak, kasu. Garbi baino garbiago gogoratzen ditut Herri Irratia-Radio Popular de Loyolaren emanaldiak, iragan berri den mendearen hirurogeita hamarreko hamarkadan, frankismo garaian euskara erabiltzen bakarrenetarikoak izanik, bere izaera erlijiosoaz baliaturik. Laupabost urteko mutil koskor horri, Gure Aita zein Agur Maria egunero behin eta berriro entzun ondoren eta buruz ikasi baina tutik ez ulertu, euskararekiko grina sortu zitzaion.

Urteak joan, urteak etorri, Franko hil zen eta euskararen alde giroak itzelezko aurrerapausoa eman zuen, debekatutako hizkuntza pixkanaka-pixkanaka galdutako aintzinako garrantzia berreskuratzeko asmoz. Gizartearen esparru guztietan euskara elkargune bihurtu zen, baita eskoletan ere. Derrigorrezko ordutegitik kanpo euskara-eskolak antolatu zituzten nire ikastetxean, euskaren alde militantzia mahai gainean jartzean. Eskertzeko ahalegina, sasoi latz horietan. Gogoan daramat lehenengo irakaslea, emakume lirain bezain adoretsua zeinek Yon Oñatibiaren “Erriaren Euskera Batua” metodoaren bidez eta kemenez jota ikasgaiak irakasten zizkigula. Nahiz eta ikasgela ikaslez mukuru izan hasiera batean, ehun eta koska seguruenik, poliki-poliki kopurua etengabe jaisten hasi zen bospasei ikasle zintzo gelditu arte. Ez da harritzekoa, ahalegina atea joka etortzen denean betebeharra bertan bera uztea. Gizakiaren patua.

Ikasgaiaz ikasgaia, agur-esaldiak, zenbakiak, izenondoak, aditzak eta abar nireganatzen nituen. Eguneroko aurrerapausoek adorea ematen zidaten ikasturtea bukatzeko. Hartutako jarrerak euskararen alde urte batzuetara emaitza emango luke, dudarik ez. Berriki piztutako garra, inongo haizea amatatzeko gauza izango zen.

Zoritxarrez ikasle kopuruaren beherakadaren ondorioz euskara-eskola kentzea erabaki zuen ikastetxeko zuzendariak. Etsipen handia izan zen niretzat jokaera hau, baina onartzea besterik ez zegoen. Hau atsekabe handia! Esaten denari eutsiz, beharra bertute bihurtu, hurrengo urtean AEK-n izena eman nuen. Handik aurrera Kortaku musika taldearen abestiak aldarrikatzen zuen bezala AEK-ko beterano horietakoa izango nintzen, eta orain ere horretaz harro nago. Liburutegian oraino daukat Jalgi Hadi metodo iraultzailea eta buruz hots egin dezaket lehenengo ikasgaia: ama atea- ireki ezazu ba – nor da?- bi emakume dira- egun on Izaskun- ene! zuek al zarete…

Kantziler Aiala ikastetxean hasi nintzen AEK-ko hiru urteko abentura emankorra. Edozein hizkuntza ikasterakoan ikas-taldea garrantzizkoa bada euskararen kasuan askoz ere erabakigarriagoa. Ez dut inoiz ahantziko ikasgelako aldarte ona, benetako adiskidetasuna, Iñaki irakaslearen kemena erdipurdiko azalpen gramatikalak ematen. Hamabost lagun berba egiten haurtxoak bagina bezala. Baina, egia esan, saria ikasgelatik kanpo zen, eskola bukatu bezain pronto alde zaharrera joaten ginenean pote batzuk hartzera. Hori bai zela giro sanoa! Garagardoaren poderioz euskara joria isurtzen zen, euskaldun peto-petoa banitz bezala.

Aitzina joateko asmoz udaldian ikastaro trinkoan izena eman nuen barruan pizturiko euskararekiko zaletasunari asetzearren. Nor-nork, nor-nori-nork, deklinabide osoa, lehen irakurgaiak eta hunkigarriena zena, sakonki irrikan negoen, gustuko abestiak ulertzeko gaitasuna. Pozaren pozaz, gustuko lekuan aldaparik ez. Irmotasunari esker, oraingoz uzta oparoa zen lortutakoa baina bide luze eta bihurgunetsua zela hauteman nuen.

Hurrengo geltokia Sancho el Sabio kaleko garaje bat zen; iluna, desatsegina, negargarria laburbilduz. Dirudienez, sosik ez zuen AEK-ak beste leku bat alokatzeko. Militantzia beti gogoan eta kexurik ez, euskararen alde beti prest. Leku deserosoa berdintzeko edo, irakaslerik zoragarriena suertatu zitzaidan ikasturte horretan. Arantza izenekoa, gernikarra oker ez banago, gaur egun ere bere irakasteko metodoa liluragarria iruditzen zait. Irribarrea ezpainetan zuela, ahoskera ezin hobea, bide-erakuslea era naturalean, bere menpean euskara ikastea pozgarria zen oso; estakururik ez zen egunero eskolako lana egiteko. Ahaztu ezin dudan maisua.

Ez da batere erraza eztia dastatu eta gero azukrea ahora eramatea. Baina bikaintasuna iragankorra denez, aurrera begiratzea derrigorrezkoa da. Hurrengo urtean Sancho el Sabio kaletik San Antonio kalera, erregetzatik elizara, pasadizoa atrebentzia ez bada, hola zen AEK-an ikastea, lekuz leku higitzea antolamenduaren arabera, ijitoak bagina bezala, baina gustura beti bezala. Ez dut gogoratzen bost lagun baino gehiago gelan. Taberna bat balitz bezala primerakoa solasean aritzeko. Begoña irakasleak eskolako giroa atsegina egiten saiatzeaz gain, lehentasuna jartzen zuen galde-sorta eta ariketak zuzenki gauzatzen. Filologian lizentziatua izatea garbiki agertzen zitzaion irakasterakoan, zuzentasuna helburu zeukan eta. AEK-an hiru urte ematea eskarmentu paregabea izan zen, aukera ezin hobea handik aurrera bakar-bakarra bide berriak urratzeko. Lortutako hizkuntza-mailarekin gauza nintzen nire kabuz euskalkiak, hika-formak eta literaturaren maisulanak jorratzeko.

Atzera begira hausnarketa sakona gauzatzea zen helburu, erronka berriei arrakastaz aurre egiteko. Galdera asko zetorkidan burura baina haien artean garrantzitsuena zena: Zertarako horrenbeste lan eskerga? Bost urteekin hasitako ibilbidea bukatzear zegoen hamazortzi bete baino lehenago. Emaitza oso emankorra zen neurrian nekerik ez zegoenik, arnasa hartzea eta aurrera segitzea izango ziren hurrengo zereginak. Unibertsitatea deika ari zen beste mundu bat ezagutzeko eta hori ez zen nolanahiko erronka. Ingeniaritza eta euskara uztartzea ala bigarrena momentuz alde batera uztea? Nahi dugun baino askoz maizago, zure ordez erabakiak hartzen ditu bizitzak. Eta hori zen gertatu zena. Buru-belarri hasi nintzen ikasketa teknikoetan betarik gabe beste egitasmo batzuetan murgiltzeko. Dena delarik ere, bizitza luzea den heinean parada izango nuke euskalgintzan berriro parte hartzeko. Baina hori beste kontu bat da.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

*